Walter Sallesen 'Ainda estou aqui' filmak jasoko du urteko film onenaren Fipresci saria
Ehunka kritikarik osatua, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioak Ainda estou aqui filmari emango dio 2025eko film onenaren saria. Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio galan jasoko du ikurra, irailaren 19an; eta egun horretan bertan, 1971ko Brasilen girotutako filma proiektatuko dute.
Walter Sallesen filmak Marcelo Rubens Paivak 2015ean kaleratutako bere familiari buruzko eleberria du oinarrian. Eunice amak alzheimerra zuen, eta Marcelorentzat garrantzitsua zen bera haurra zenean familiak jasandakoa ahanzturan gera ez zedin. Diktadura garaia zen Brasilen, eta ekintza batek familiaren bizitza suntsitzean, ama batek bere burua nola berrasmatu zuen azaltzen du. Azken finean, diktadura garaian desagertutako pertsonen kontakizuna da, atzean utzitako horien begiradatik azaldua.
Zinema zuzendariak eleberri hori eta bere oroitzapen propioak erabili zituen filmaren sorkuntzarako. Izan ere, Paivesen familiari halakorik gertu zitzaionik jakin gabe, haien etxea sarri bisitatu zuen nerabezaroan, eleberrigilearen arrebak lagunak baitzituen. Etxe hartan ulertu omen zuen Sallesek mundua berak uste zuena baino zabalagoa zela.
Beste sari bat apalategira
Filma Veneziako Mostran estreinatu zuten iaz, eta bertan gidoi onenaren saria lortu zuen. Jarraian, Donostian aurkeztu zuten, Perlak sailean. Sari andana bat jaso du egun hartatik: nazioarteko film onenaren Oscar saria eta Iberoamerikako film onenaren Goya saria, beste batzuen artean. Sari entzutetsu horiek jaso ostean jasoko du kritikarien Fipresci saria. Garaikur hori lortzeko lehiakide izan ditu Brady Corbeten The Brutalist, Kleber Mendoça Filhoren O agente secreto —Perlak sailean proiektatuko dute—, Oliver Laxeren Sirat —Made in Spain sailean emango dute— eta Ryan Cooglerren Sinners.
Sallesek Donostiako jaialdia ongi baino hobeto ezagutzen du. Orain dela 30 urte Zabaltegi-Zuzendari berriak sailean lehiatu zen lehendabizikoz Terra Estrangeira filmarekin; eta ordutik beste bost alditan egon da Zinemaldian.
Haurrak ere zinemara
Ikastetxeak Belodromoan egitasmoan Hayao Miyazakiren Totoro auzokidea proiektatuko dute. Animaziozko zinemaren klasiko japoniar hori ikusiko dute milaka ikaslek Belodromoan egingo dituzten sei saiotan. Miyazakik Donostia saria jaso zuen 2023an, bere ibilbide osoagatik. Zinemagile hori ere hainbatetan izan da jaialdian: bere pare bat lan proiektatu zituzten Belodromoan 2002 eta 2009an; eta orain dela bi urte bere Kimitachi wa Do Ikiruka filmak inauguratu zuen jaialdia. Aurten proiektatuko dutena bere lan entzutetsuena da; eta bertan, naturan oreka ekologikoa eta biodibertsitatea babesteak duen garrantzia azpimarratzen du.
Bestalde, Haurrentzako Zinema sailean sei proiekzio aurkeztuko dituzte Principe zinema aretoetan: Barrakudaren altxorra (Adria Garcia) —mundu-estreinaldia izango da—, Heidi, Katamotzaren erreskatea (Tobias Schwarz eta Aizea Roca), Kaixo, Frida! (Karine Vezina eta Andre Kadi) eta Flow (Gints Zilbalodis) —animaziozko film onenaren Oscar eta Urrezko Globo sarien irabazlea—, besteak beste.