Israelek Gaza hiria militarki estutzen jarraitzen du
Jasanezina bilakatu da Gaza hiriko egoera. Israelgo armada atzo gauetik etengabe ari da hango etxebizitzak eta kaleak bonbardatzen, eta, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, droneen eta hegazkinen hotsak ozen entzuten dira bertan. Gaza hiriko palestinarrak zabor eta hondakinen artean janari eta aterpe bila ari dira.
Horiek horrela, Gaza hiriko herritarrak ihesean ari dira, Israelen inbasio planak behartuta, hegoalderantz. Asteartean onartu zuen Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek Palestinako hiri handiena okupatzeko plana, eta Israelgo armadak atzo azaldu zuen 60.000 erreserbista irail hasieran zerrendara deituko dituela, operazioa martxan jartzeko. Urriaren 7rako hustu nahi du Israelgo lehen ministro Bejamin Netanyahuk Gaza hiria, setioa hasi eta bi urtera; eta iheslariak zerrendaren hegoaldean nora eraman aztertzen ari dira oraindik, Tel Aviven arabera.
Nazioartea gogor saiatu da Israel estutzen, plana aurrera eraman ez dezan. Europako Batzordeak, esaterako, okupazio plana gaitzetsi du gaur, eta Israelgo Gobernuari horrek ekar dezaken ondorioei burun inguruan hausnartzeko eskatu dio. Europako Batzordeko bozeramaile Arianna Podestak egin ditu adierazpen horiek, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Bestalde, Europako Batzordeko Atzerri zerbitzuetako bozeramaile Anitta Hipperrek EB Europako Batasunak Gazaren sarraskiaren inguruan «jarrera argia» duela esan du, eta «inongo aldaketa territorialik edo demografikorik» onartuko ez dutela azpimarratu du.
Hala ere, Israelgo armadako bozeramaile Effie Defrinek atzo iragarri zuen Gaza hiriko okupazioko lehen fasea jada martxan dagoela, eta, hortaz, hiriburuaren aurkako erasoak areagotu egin dituzte. Ordutik, EFE berria agentziaren arabera, gutxienez orduero egin dio eraso Israelgo armadak hiriari, eta Zeitun auzoan —hegoaldean— eta Jabalia herrian —iparraldean— tropak pilatzen ari dira, inbasioa noiz abiatuko den zain —defentsa kabineteak aste honetan onartuko duela espero da—. Hala jakinarazi du EFEk, herritarrak iturri hartuta.
Zenbait hedabideek jakinarazi dutenez, azken egunotan Gazako hiriburuan gutxienez 30 pertsona hil dituzte egunero, Israelen bonbardaketak gogortzearen ondorioz. Hirian milioi bat pertsona geratzen direla uste da, eta gainerako palestinarrak hegoaldean metatzen ari dira. 2,1 milioi palestinar daude Gazako zerrendan gaur egun, eta, sarraskia hasi zenetik, 62.192 pertsona hil ditu Israelgo armadak, Gazako Osasun Ministerioak kaleratu duenez.
16.000
Zenbat palestinar desplazatu diren Gaza hiritik azken egunotan. NBEk kaleratutako datuen arabera, 16.000 palestinarrek egin dute ihes Gaza hiritik abuztuak 12tik 20ra bitartean.Israelek egindako erasoek Gazako hiriburuko herritarrak hegoalderantz ihes egitera behartu ditu.
Hala ere, hegoaldeko egoera ez da segurua gazatarrentzat. Azken orduetan, gutxienez, 27 palestinar hil ditu Israelek han; horietatik zortzi laguntza humanitario bila zihoazela.
Egoera horren harira, Egiptoko Atzerri Ministerioak, ohar baten bidez, Gaza okupatzeko Israelen plana gaitzetsi du, «palestinarren legez kanpoko okupazioa sendotzeko urrats berri bat eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena» dela esanez. Gainera, su-eten bat adosteko bitartekariek egindako proposamena aintzat ez hartzea leporatu dio Egiptok Israeli: «[planak] Erakusten du Israeli ez zaizkiola axola su etena ezartzeko bitartekariek egindako ahaleginak». Hamasek, berriz, astelehenean onartu zuen su-eten proposamena; hala, Israelek baiezkoa emanez gero, 60 eguneko menia ezarriko litzateke, Hamasek hamar gatibu askatuko lituzke eta jada hilda dauden hemezortzi bahituen gorpuak bueltatu. Trukean, Israelek 200 preso palestinar itzuliko lituzke, eta Israelgo tropak zerrenda iparraldetik eta ekialdetik aterako lirateke; laguntza humanitarioa «masiboki» sartzen uzteaz gain.
NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres ere Gazako egoeraren inguruan mintzatu da, eta su etena ezartzea «ezinbestekoa» dela azpimarratu du, gaur bere sare sozialetan kaleratutako ohar batean. Horretan, «Gazaren aurkako operazio militarrak eragingo lituzkeen heriotza eta suntsipen masiboa» saihestu behar direla adierazi du. Oharra Afrikako Garapenari buruzko Tokioko Nazioarteko Konferentziako prentsaurrekoaren ondoren kaleratu du, non Guterresek NBEko Segurtasun Kontseiluaren erreforma bultzatzeko beharraz hitz egin duen. «Superpotentzien banaketa geopolitikoa» dela eta, «gatazka horiek guztiak amaitzeko beharrezkoa dena» adosteko gai ez direla izan azaldu du, eta Palestinako setioa, Ekialde Hurbileko krisia eta Ukrainako gerra aipatu ditu, besteak beste